Gorbea

 

Metalezko egitura dauka Gorbeiako gurutzeak, eta 5 metroko alderdiak dituen oinarri karratu baten gainean dago eginda. Lau hankak, herdoilak jan ez ditzan, lurraren gainetik nabarmentzen diren hormigoizko zapatetan dauden sarturik. Iparraldeko eta Ekialdeko oinak Bizkaian daude eta Hegoaldekoa eta Mendebaldekoa, berriz, Araban. Oinarriaren plano diagonaletara daude bilduta oinok, eta kurboa da beren profila. Bi maila dauzka, non egituraren barruko lotura horizontala gauzatzen baita.

Altueran gora joan ahala, lerdenduz doan ertz kurbodun piramidearen ikuspegi ederra ematen digu metalezko egiturak. Erpinetik oinean sua duen gurutze latindarra jalgitzen da, hirusta-saileko besoak mendebaldera eta ekialdera luzaturik. Antzina, tximistorratzarena egiten zuen hagatxoak ematen zion bukaera multzoari. Gaur egun, 17 metroko altuera du gurutzeak, nahiz eta herritarrek eta hainbat liburuk 18 dituela esan.

Gorbeako gurutzea

Mende berria zetorrela-eta, Leon XIII Aita Santuak eginiko gomendioa da gurutze honen sorburua. Hainbat ekimen izan zen omenaldi hori gauzatzeko, eta euretako bat gailurrik ospetsuenetan gurutzeak eraikitzearena izan zen.

1899.ean, Zeanuriko parrokoak bereganatu egin zuen Aita Santuaren proposamena eta fededunen eta erakundeen artean dirua biltzeko batzordea eratu zuen. Hamaikatxo gorabeheraren ondoren, 1901.eko uztailaren 16an ekin zitzaien lanei. 33 metro eta 33 zentimetroko altuera (Kristok, gurutzean hil zutenean zeukan adinaren oroigarri) izango zuen gurutzearen atalak Barakaldon egin zituzten 13.000 kilo burdina erabilita eta Izarratik (tren geltokia) mandoak eta idiak erabilita igo ziren. Hasierako aurrekontua 50.000 pezetakoa zen eta 1901.eko azaroaren 12an ospatu zen inaugurazioa (ez zegoen artean erabat amaiturik).

Hilabete geroago, abenduaren 12an, osteguna, Bizkaian kalte izugarriak eragin zituen haize ikaragarria etorri zen eta beraren ondorioz erori zen lehendabizikoz gurutzea. 6 metroko altueran tolestu egin zen gurutzea, eta iparralderantz etzanda geratu zen, Aldaminera begira.

Bigarren gurutzea eraikitzeari ekin zitzaion 1902.eko neguaren ondoren, eta 23 metroko monumentua ezarri. 1903.eko urriaren batean inauguratu zelarik, bigarren honen zoria ere ez zen aurrekoaren baino hobea eta 1906.eko otsailaren 12an atzera erori zen, aurreko egunetan euriak eta elurrak lagundurik etorri ziren haize zakarrei aurre egin bazien ere.

Aurrekoen emaitza ikusita, hirugarren proiektuan hala egitura nola altuera arindu egin ziren, eta ia erdira murriztu (17 metro). 1907.eko udaberrian ezarri zen gurutze berria, baina ez zen inaugurazio-ekitaldirik ospatu.