Gorbea

 

Euskal Herrian dago kokatuta Gorbeiako mazizoa, Araba eta Bizkaia lurralde historikoen arteko mugan, eta Kantauri itsasorantz abiatzen diren urak eta Mediterraniar arroan barrena itsasoratzen direnak banantzen dituen mendilerroaren atala da.

Nerbioira isurtzen dira bere urak iparraldetik, Altube eta Zeberio ibaien bidez eta Ibaizabalen barrena Arratian zehar. Hegoaldean, berriz, Ebrora iristen dira bertako urak, Baia eta Zadorra ibaiei esker. Bizkaia osatzen duten bailaren labirintoa eta Arabar Lautada banantzen ditu beraz. Bi Lurralde Historiko horien arteko administrazio-mugak bat egiten du inguru hauetan isurialdeen banaketa-marrarekin, Altubeko goian izan ezik, eta esan beharra dago horixe dugula Kantauri itsasora begira dauden arabar bailara bakanetako bat.

Naturaren aldetiko pizgarria bereganatu ez ezik, Bizkaiko historiarekiko lotura estua eduki ere badauka Gorbeiako mazizoak. Beraren altuerari eta kokalekuari esker, bost bozina-mendietako bat izan zen: bertatik mezuak bidaltzen zitzaizkien herriei kornetak joaz eta suak pizturik.

Gorbeiako inguruak elurtuta

Mendi-mazizoak bertan antzeman dakiokeen mendirik altuenetik hartzen du izena: Gorbeia mendia dugu bertan gailur, 1.482 metrorekin. Profil biribildu eta zanpatuak kontrastea egiten du paisaian nabarmentzen diren aldameneko beste erpinen erliebe malkartsuarekin, Aldamin edo Arroriano aipa ditzakegularik horien artean.

Gorbeiako mendi-puntaren baldintzarik gabeko adiskide ageri zaigu iparraldeko hegian Aldamin izeneko haitza (1.373 m), eta esan beharra dago bera dugula mazizoan bigarren gailurra. Lurralde honetako orografiaren aldetiko punturik nabarmenen dira biek osatzen dutena. Hareharrizkoa eta profil biribilduaz altuena; kareharrizkoa, malkarra eta pikoa, ordea, txikiena, mazizoa osotasunean harturik erliebearen bi motarik ohikoenen erakusgarri. Iparraldeko isurialdean Itxinako Haitzak nabarmentzen dira, triangelu tankerako prisma gisa ageri den kareharrizko molea amildegiek inguraturik. Lekanda Haitzak (1306 m) ekialdeko erpin gisa eta Aizgorrigane mendiak (1.100 m) iparraldean eta Gorosteta (1.261 m) eta Ipergorta mendiek (1.236 m) hegoaldean osatuko lituzkete irudi geometriko horren bertizeak.

1994.eko ekainaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren Dekretuaren bidez, Parke Natural izendatu zen, bertako natura-ondarea babesteko, landa-garapenaren alde jarduteko eta bertako tokiak ezagutzea eta gozatzea sustatzeko xedearekin.