Zeanuriko Historia

Arratiako Merinaldeko Elizatea, Bizkaiko Jaurerriaren hedatuena. Politika-jaurtzerako fiel bi eukazan, Gernikako Batzar Nagusietan 67 zenbakidun jezarleku eta botua eukezala, honeekaz batera biztanlegoak urtero hautatu eta, XVI. mendean ezarri ziran agintaraudien arabera, kontsumorako produktu batzuen (ogia, makailoa, orioa, ardaoa...) prezio, pisu eta neurriak kontrolatzen ebezan jaurtzaile bi eukazala.

Parrokia X. mendean eraiki eben Bizkaiko Jaunen nekazari kolonoak, Andra Mariari eskeinia. 1720. urtean hedatua eta berreraikia izan zan. Mende bat geroago, Axpeko oinetxearen jabeak aurkeztutako errazio osoko lau onuradun abadek zerbitzatzen eben, Felipe IV.ak 1631.eko uztailaren 2an Martin de Axpe y Zarate here aurretikoari emon eutson errege-mesedeagaitik, oinetxeak, betiko patronu modura, hamarrenen ardurea be baeukola.

Eliza

Etorki honetakoak hurrengoak izan ziran: Martin de Axpe y Sierra, Palencia-ko gotzaina, eta bere anaia Juan Garcia de Axpe, Felipe Ill.gaz Gaztelerriko Erret Kontseiluko Entzulea. Beste oinetxe eta armadunak Arrikibat, Arrealdegi, Gansasegi, Añibarro, Zubiaur, Ozerin...

Ipiñaburuko lurraldeetan kokatzen zan beste parrokia Santiago Apostoluari eskainia zan. Ipiñaburuk Zeanuritik bereiztu eta Gernikako Batzar Nagusietan jezarlekua eta botua eukan fiel arautzailea izendatzea lortu eban baina, Jaurerriaren aldetik gaitzetsia izanik, bere aintzinako esparruan bersartu behar izan zan. Elizea baselizaren kategoriara aldatu zan eta gero, barriro, parrokia bihurtu zan.