Albisteak

 

Katedral naturala dogun Gorbeiaren magalean, 1.119 metrotara,  Bizkaian altuerarik handienean mezea ospatuko da, datorren domekan garagarrilaren  31n, eguerdiko 12:00etan, Elurretako Amaren baselizaren ondoan. Oraintsura arte domeka eta jai egun guztietan ospatzen zan mezea, uda-sasoian; gaur egun, San Inazio egunean baino ez.

Aurten be abestuko da zeanuriztarrek hango Andra Mariari egindako himnoa, Andra Maria Igiñakoa deritxana. Ospakizunean gogoan izango dira aurten hildako mendigoizale eta artzain guztiak. Amaitzeko, San Inazio martxa kantatuko da eta ondoren, Zeanuriko Udalak ohiko  barauskarri  ezaguna eskainiko dau: ardao zuria eta gailetak. Zeanuriko txistulariek euren doinuekaz alaituko dabe giroa toki zoragarriotara bertaratuko diran guztientzat.

Debozino edo fede handiagoko edo txikiagoko mezak izango dira; doinuz hobeto lagunduak edo ez…, baina ez jako inor gailenduko altueran Elurretako Amaren  baselizatxoan ospatuko danari. Ehunka lagun, mendizale eta artzain tarteko, batuko dira mezea ospatzera eta hamaiketakoa partekatzera. Arrigorriaga, Orozko, Galdakoa, Zornotza, Bilbo eta Arratia osotik etorritako jendea batu zan igaz landa-mezatan, gehienak tontorreko kurutzeari joan etorria egin ostean.

Baseliza txikia
Edurretako Amaren baseliza porlanez eginda dago, upel bobeda modura eraikia, hegi harritsu baten sartuta. 3 x 2,225 metro neurtzen dau, eta atean jarritako burdin hesi batek ixten dau.

1924an, Areatzan abade egoan Eulogio Gorostiaga zeanuriztarrak hauxe idatzi eban, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia lan eskergan (II. liburukian, 406. orrialdean) gogoratzen deuskunez: “Baseliza hau oraintsukoa da; bere eskaintza egin zan Arraban egoan beste baten oroigarri, artean zelai honetan sendategi bat egoala”. XIX mendearen amaieran egindako kapera dauka gogoan Gorostiagak, Zeanurin baseliza modura hartu ez zana. Ondoren, joan dan gizaldiaren hasieran bertan behera itxi zan.

Baselizatxo hau benetan txikia zan, barruan bi lagunentzako tokia baino ez egoan-eta. Hori dala-eta —halaxe gogoratzen deusku Gurutzi Arregik— On Benito de Atutxak baseliza handiagoa egiteko baimena eskatu eban “txangozale eta inguru haretako bizilagun apalentzat”. Planoak be gordetzen dira Labayru Ikastegian; baita baimen-eskaria eta dirua batzeko propaganda-batzordearen datuak be; baina ahalegina bertan behera geratu zan.

Informazio gehiago www.arratia.tk
Ikusi bideo

Legenda eta guztiko ermitea, Gorbeiako argi deabrua.

Egin ebazan egin beharreko tratuok eta bazkaldu be inoiz baino be hobeto.
Egon eta egon, janzaharrean, Gorbeiarantz mogitu zen eta han joian bideak betean bete-bete eginda.

Pagomakurrera orduko gautu egin jakon. Arrabako landara heldu zanean, atsedena hartu eban. Zerura begiratu eta ene! ilargiaz aparte beste argi berezi bat bere ondo ondoan!

Zutundu zan eta karran hasi be Egiriñaoko txabolarantz bildursartuz beterik.
Hark argi bereziak atzerik hara jarraitzen eutsola ikusirik, badino bbekautan:
-Nor haizen beist argi madarikatu hori, ikusiko dok Egiriñaoko pagaduira heltzen nazenean!

Heldu zan mandazain hori bere txabola ondora eta ene! ez jako ba katigatzen argi berezi hori pago inausi baten adarretan!

Orduan mandazainak, hartu estaka endemoniño bat, jo ahal dan guztian argi hori eta oño! deabruak berberak ez eutson ba urten argi barrutik!

Aitearenka hasi zan ha mandazaina eta badaezpada Egiriñaoko ermitara sartu ei zan.
Hurrengo goizean, San Inazio ospatzen joan ziran goiztarrenak, hantxe aurkitu ei eben ha mandazaina, dardar,  berbartu eta guzti sustosartuaren sustosartuaz, baina bizirik”.